ABESTIAK

Blogg honetan Haur Hezkuntzan abestiek daukaten garrantzia agertuko da.

lunes, 10 de diciembre de 2007

TUTORIALA POWER POINT-I BURUZ

AHOTSA ONDATZEN DUTEN LANBIDEAK


Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken urte bietan egin dituen zenbait azterketaren arabera, bost irakasletik batek ahots arazoak dauzka. Portzentaje hori, gutxi gorabehera, lau bider handiagoa da herritar arruntena baino.
Gainera, orain gutxi UGT sindikatuak argitaratutako txostenak adierazten duenez, ahots arazoak baja iturri garrantzitsua dira irakasleengan. Horregatik, Hezkuntza Sailak ahots protokolo bat ipini zuen abian orain dela ikasturte bi, irakaskuntza publikoan diharduten irakasleen ahots osasuna aztertzeko, eta ahal den heinean hobetzeko. Protokoloak alde bi ditu: batetik, irakasle bakoitzak bere bizitzan zehar ahotsarekin izandako arazoak aztertzen dira, historia klinikoari begiratuz; bestetik, ahots-parametroak neurtzen dira. Horretarako, Dr. Speech Vocal Assessment izeneko programa informatikoa erabiltzen da. Programa horrek norbaiten ahotsa grabatu -horretarako aski da mikrofono baten aurrean bokal bat esatea lauzpabost segundoz- eta 2.000 ahots osasuntsu dituen datu-basearekin konparatzen du.

ABESTI MOTAK

Abestiak ahotsez ematen diren eta soinu armonikoak konbinatuz, osotzen diren musika-lanak dira.
Abestiek, hitzek bezala edota gehiago, lotura afektibo bat ezartzen dute haurraren eta helduaren (ama nahiz hezitzailea) artean. Haur txikiekin, harreman hori zuzenagoa izango da besoetan hartzen ditugulako, kulunkatu edo laztandu egiten ditugulako edo, gure belaunetan eserita, balantzaka ibiltzen ditugulako.

Gero haurra, pixkanaka, modu aktiboagoan parte hartzen hasiko da: abesti-jolasetan, abesti antzeztuetan…

Errepertorio folkloriko eta tradizional aberatsa aurkituko dugu, xede desberdinetarako: sehaska kantak, iratzartzeko leloak, eskuekin egiteko jolasak, lehen urratsak, lehen ekintzak; mimoz lagundutako lehen errondak, elkarrizketatuak, jolasekin egindakoak, erdian haur bat jarrita egindakoak: zerrenda-kantuak, haur-sorginkeriak,…

Haur txikienekin imitazioa eta elkarrizketa lantzen hasiko gara, hitza abiapuntutzat hartuz (inprobisaziorako lehen urratsa). Sarritan, ahozko hizkuntzaren azentuek soinu zorrotzagoa izan ohi dute; izan ere, egiaztatu ahal izan denez, biziagoa den soinu batek (silaba azentuatua) altuagoa dirudi. Efektu natural horien emaitza “dei melodikoak” dira.

ABESTI EGOKIAK ERABILTZEA


Abesti bat irakatsi aurretik, oso ondo ezagutzen dugula ziurtatu behar dugu, intonazioari dagokionez nahiz erritmoari dagokionez.
Gero, ondokoei buruzko analisi txiki bat egingo dugu:

hitzak: testu egokia, hiztegia
erritmoa: balio sinpleak, artikulazio ona ahalbidetzen dutenak
melodia: gradu bateratuak, interbalo gutxi eta oso zabalak ez direnak
tonalitatea: maiorra edo minorra
konpasa: bitarra edo hirutarra
forma: osatzen duten esaldiak, errepikapenak, “oihartzunak”
denbora edo mugimendua: neurrizkoa (lasaia), azkarra, dantzarako egokia
izaera: alaia, tristea, jostaria
mugimenezko burutzapena: mimo bidezkoa, jolasa, antzeztua,...

Orientabide didaktikoak:

Kantuan aritzeko unea ez da ordu jakin baterako gorde behar; etapa honetan edozein aukera aprobetxatu behar da: ospakizun bat, gertakari berezi bat, interes-gune bat,...
Haurraren adinarentzat eta egoera bakoitzarentzat egokienak iruditzen zaizkigun abestiak aukeratuko ditugu, jadanik ezagutzen dituztenak ahaztu gabe; izan ere, hauek errepikatzea atsegin dute eta, beraz, bakarrik abesten utziko diegu.
Abestiak ikasi ondoren, hezitzailearen ahotsa “euskarritzat” hartzea saihestuko dugu; haurrek abestia batzuetan 3. edo 4. silaban hasten dute, hezitzailearen atzetik.
Komeniko litzateke xirula ezti bat edo diapasoi bat (badira nota guztiak dituztenak) eskura izatea, abestien hasierako tonua bilatzeko. Batzuetan, intonazioa lantzeko, altuera aldatzen diegu, baina orokorrean, idatzita dauden tonalitatea egokiena izan ohi da haurren ahotsarentzat.
Haurren ahotsa oso modu sinplean hezten da: sarritan abestuz.

Haur txikiekin, abestiak laburrak, alaiak, erritmo eroso eta atsegina dutenak izango dira; adierazpen egokia emango dute, hitzek edo melodiak berak markatuta; haurrak eskatzen duen bakoitzean eta edozein unetan errepikatuko dira (jostailuak manipulatzen dituenean, atseden hartzen duenean, jaten duenean,…).

Era berean eta pixkanaka, haurren ahotsak eta koruak, helduen ahots eta koruak, estilo edo forma desberdinetako musika-lanak,… entzunaraziko dizkiegu (sehaska kantak, martxa militarrak, dantzak…); musikak eragiten dien gogo-aldartea edo emozioa hitzen bidez adieraztera bultzatuko ditugu; nekea, tristura, dibertsioa, zoriona,…

Zaharrenei, obra, autorea eta honen gizarte- eta familia-inguruneko ezaugarri nabarmenenak ezagutaraziko dizkiegu, beraiek ulertzeko moduan.

Gomendioak:

Diskoak aukeratzean, kontuan hartu behar da interpretatzeko egokiak diren ala ez, bai eta aparato erreproduzitzaileen kalitate ona ere.
Abestien kasuan bezala, hezitzaileak berak interpretatuko ditu, ahal izanez gero, aukeratutako musika-zatiak.
Entzuketa ondo prestatu behar da, haurren galderei eta zalantzei ondo erantzun ahal izateko.
Erritmo-ezaugarri nabarmenak (dantza herrikoiak) edo tinbre ezaugarriak (musika-tresnen orkestrazioa) dituen musika aukeratuko da batez ere. Gehien ezagutzen dituzten musika-tresnetako batzuk aukeratuko dira: pianoa, gitarra...
Lana irudiekin, argazkiekin, diapositibekin,... ilustratuko da.

KANTUA


"Musika kantuarekin hasi zen eta kantua da izan daitekeen musikarako sarbiderik onena"
" dio Ernest Ansermet musikari suitzarrak, Entretiens sur la musique (1924) liburuan; eta iritzi berekoa da haren garaikide den Hungariako Z. Kodály pedagogo handia ere.

Musika-hizkuntzak eta ahozko hizkuntzak bide paraleloei jarraitzen diete; haurrarentzat biek funtzio bera betetzen dute, kantua melodia bati jarraituz hitz egitea da.

Haur guztiek kantatzen dute, naturalki, txiki-txikiak direnetik eta asko melodia txikiak intonatzera iristen dira, soinuak ondo erlazionatuz, hau da, afinatuz. Plazer handia lortzen dute beren emozioak ahotsaren eta mugimenduaren bidez adieraztean.

Musikaren hizkuntza natural eta inkontziente hori hazkuntza-etapekin garatzen da:
Jaiotzean, oihuarekin, bere oinarrizko premiak adierazten ditu; soinuaren jatorrian aurkitzen dugun oihua da.
Zizakaduraren hasierarekin, haurrak bere inguruko helduen hizkuntzaren melodia, haien hatos-inflexioak, tonalitateak eta silaba azentuatuak imitatzen ditu.
Soinuak sortzen eta, aldi berean, interpretatzen eta entzuten hasten da.
3 urteko adinetik aurrera, proposatutako ereduaren imitazioa hobetzen du eta melodiaz eta hitzez osatutako abesti errazak intonatzen eta memorizatzen ditu.

HEZITZAILEA ETA MUSIKA


Haurrengan musikarekiko maitasuna pizten ez duen hezkuntza-musika alferrekoa izango da. Alderdi honi dagokionez, hezitzailearen eragina erabakigarria da,
bera konpositore handien (Bach, Beethoven, Tchaikovsky, Vivaldi,...) obrak entzutean hunkitzeko gai ez bada, haurrei sentsazio horiek transmititzeko beharrik ere sentituko ez duelako.

Nola lortuko du haurrak musika “bizitzea”, gainera, edozein musika-lanek dituen ñabardurak bereizteko gai ez bada; handitzen eta txikitzen den intentsitatea, bizkortzen edo moteltzen den denbora, E. Jaques-Dalerozek dioen bezala, musikak “igo, hazi edo aletu egiten delako nahiz amets batean bezala lasaitu, xuxurlatu eta marmar egiten duelako” sentsazioa ematea eragiten dutenak, hain zuzen.

Are okerragoa da musika interesatzen edo gustatzen ez bazaio, orduan sentsazio negatibo hori haurrari transmitituko baitio, honek helduarengandik datorren edozein jarrera hartzen duen modu berean. Ez da logikoa jarrera batzuk komunikatu nahi izatea, norberak ulertzen ez dituenean edo haien baliagarritasunaz konbentzituta ez dagoenean.

Hezitzailea arduratsua bada, soinuaren fenomenoarekiko interesa izan eta bere kultura musikalaz kezkatu behar du, ahal duen guztietan musika ona entzunez eta musika-tresna errazen bat joaz. Era berean, haurrari adibideekin irakatsi ahal izateko behar duen prestakuntza teknikoaz ere arduratu beharko du, proposatutako jarduerek hezitzaileak berak exekutatzen dituenean garrantzi berezia hartzen dutelako, batez ere haurraren bizitzako lehen hiru urteetan.

Haurrarengan musikarekiko interesa pizteko aukera ugari galtzen dira, hezitzailearen prestakuntza eskasaren ondorioz. Gerta daiteke honek haurren sentimenduak eta premiak (beti familia-inguneak edo beste batzuek baldintzatutako eraginei lotuta daudenak) ulertu eta susmatzeko ahalmen naturala izatea eta abesti berri bat irakasteko edo erritmo berri bat sartzeko une egokia aurkitzea. Kasu honetan, musika-hezkuntza emateko behar diren gaitasunak ez izan arren, komeni da esperientzia sentimenen mailan egitea, harreman afektiboa eta estimulatzailea izango baitira, gaitasun pedagogikoarekin batera, jarduera horien lorpena erabakiko dutenak.

Halare, zalantzarik gabe, emaitzak hobeak izango dira, hezitzaileak aldez aurretik musikari eta gorputzari dagozkien baldintza egokiak baditu, hauek lortu nahi diren helburuak segurtasunez eta eraginkortasunez garatzea ahalbidetuko baitiote.

Dena den, dakigunez, ez dago esperientzia bera baino maisu hobeagorik, hezitzaileak informatu eta egungo joera metodologikoak ezagutu behar ditu, bai eta bere prestakuntza pertsonalerako eta etapa honetako aplikazio didaktikorako bibliografia espezializatua ere; gainera, musikako profesionalen baten laguntza onartu behar du, alderdi tekniko eta pedagogiko batzuetarako.

Hezitzaileak oinarrizko musika-prestakuntza izatea oso garrantzitsua da, haurrak eredutzat hezitzailea hartzen badu, harengandik jasotzen dituen ezaugarri eta akats berberak barneratuko ditu, zalantzarik gabe. Beraz, ahots politarekin abestuko du, erritmoei eta melodiei espresioa emango die, graziaz mugituko da edo sinfonia eder bat entzuteak erakarri egingo du, baldin eta hezitzaileak ezaugarri horiek baditu.

MUSIKAREN ERAGINA


Musikak eragin handia dauka gizakiarengan, helduekin erabili daiteken bezala umeekin ere erabili daiteke txiki-txikitatik, jaiotzen direnetik. Hainbat arlotan lagungarri izango zaigu, adibibidez:

Heziketan: Ikasketa prozesuan lagungarri da eta garapen pertsonala eta ikasketako ezgaitasunak gainditzen lagundu egiten du.

Fisiologia: aldaketak eragiten ditu bihotzaren eta arnasaren erritmoan eta baita giharretako tentsioan ere.
Komunikazioa:arazoak eta kezkak adieraztera bultzatzen du.
Afektibitatea: garapen emozional eta afektiborako lagungarri da.
Sentsibilitatea: entzumena eta ukimena areagotu egiten ditu.
Mugimendua: aktibitatea eragin eta mugimendu-koordinazioa hobetu egiten du.
Soziabilitatea: gizarte-harremanak bideratzen ditu. Erabilera
Psikoterapeutikoa: arazo psikologikoak konpontzen eta portaera ezarriak aldatzen laguntzen du.

ZER DA MUSIKA?


Musika artea da eta, aldi berean, zientzia da. Gizakiak sortutako beste arteetatik bat bera ere ez dago musika bezain hurbil bizitzatik; izan ere, musika bizitza bera dela esan dezakegu. Musika da arte guztien artean izpiritualena eta, soinuak modu atsegin batean konbinatuz, arima hunkitzea du helburu.

Espazioan ikusmenaren bidez adierazten diren gainerako arteek ez bezala, musikak gure organismoan entzumenaren bidez jarduten du, denboran.

Dirudienez ezjakina da gizakien bizitzan musika noiz eta nola sartu zen. Betidanik erritmoak, perkusioak eta dantzak plazer-iturri izan dira gizakiarentzat; gauza bera gertatu zen soinuekin, hauen erabilera desberdinen ondoriozko soinu-efektuak ezagutu zituenean.

Musika osatzen duten elementuak hiru dira: erritmoa, melodia eta harmonia. Erritmoa, musikan, soinuak bata bestearen ondoren jartzeko eta txandatzeko modua da (silabak, pultsazioak) eta hauetan, beren azentu gogorrak eta ahulak, beren iraupen laburrak eta luzeak. Melodia, hizkuntzatik dator eta musikaren lerro horizontala da (soinu bat bestearen atzetik). Harmonia soinuen fusioa eta aldiberekotasuna da, musikaren bertikaltasuna da.

MUSIKA ETA KANTA, IRAKASTEKO BIDERIK UNIBERTSALENA


Musika eta kanta dira irakasteko biderik unibertsalena herri guztietan, jakinduria transmititzeko tresnarik garrantzitsuenetakoa.
Umeak herriaren folklorea ezagutu behar du, horrek lagunduko baitio bere garapenean eta gizartearen nondik norakoak ulertzen.
Hasierako estimuluekin hasten gara lehen fonemak ahoskatzen eta haiekin gure lehen estimulu psikomotoreak jasotzen.
Haurra, gizarte baten partaide sentitzen hasiko da helduengandik jasoko duen estimuluak direla eta.
Abestiek haurrari aditasuna, kontzentrazioa, sentsibilitatea,… garatzen lagunduko diote.

HAUR KANTAK ETA JOLASAK


Haur kantak eta jolasak zerikusi asko dute jolas asko kantuekin lagunduz burutzen baitira. Euskal kulturan abesteko tradizio handia egon izan da beti eta hori gaurko haurrei transmititzea beharrezkoa da bestela galdu egingo baitira abesti eta jolas zahar horiek. Gurasoengandik semealabenganako ahozko tradizioaren transmisioa eten egin da neurri handi batean eta hizkuntza gutxituen kasun batez ere oinarrizkoa da transmisio hori haurraren hizkuntzaren garapenean. Transmisioa bermatzea eskolari ere badagokio.
Euskal kantak era erraz eta dinamikoan landu daitezke haurrekin jolas, hitz joko, dantza… laguntzaz.